XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Joxe Elosegik aurrera egin zuen hala ere, eta arraiki agurtu zuen atezainetatik haundienak.

- Bonsoir, Monsieur Le Basque 16- Gabon, Vasco Jauna. (frantsesez) - esan zion.

Bistan zen Elosegi ez zegoela han estrainekotz.

Turista ugarien protesten artetik sartu ginen barnera bultzaka.

Fuensaldaña aldeko bodega bat gogorarazi zidan niri Le Caveau de la Huchette delakoak.

Lurpean egindako arku erdiko hodi luze bat baizik ez baitzen taberna hura.

Bazterretan, jendea eserita eta musikari adi zegoen.

Nonahi, turisten ondotik zebiltzan emagalduak ageri ziren garagardoa eskutan zutela.

Ezkerrera barra bat, lau neska-mutil airoso eta izarditurekin.

Aurrean, oholtza txiki bat eta bertan musikariak Jacko, jacko my dead supiztua jotzen.

Baterijolea seinalatu zidan Elosegik.

-Horixe duk Didier Dorise.

Hirurogei urte inguruko lodikote burusoila zen, blai izerditan.

Danborren erritmoan betaurrekoak ez galtzeko, zapata lokarri bat zeukan adar bakoitzari lotu eta buruari buelta emanda.

Gu ikusi bezain azkar, keinu egin zion Elosegiri taularen gainetik eta jotzeari laga barik.

- Bulgariarra baino gehiago, Lyongoa dirudi -esan nion Elosegiri.

- Nik ez diat esan Didier bulgariarra denik.

- Zera hori lortzeko berarekin mintzatu beharra dagoela, ez diat besterik esan -erantzun zidan berotuta eta nik bere hitza auzitan jarri izan banu bezala.

-Ez zaitez horrela jarri gizona -gaineratu nion.

Zorrotz begiratu zidan eta ondoren bizkar emanda bi presione eskatu zizkion barrako neska ederretako bati.

Jendea erotuta zegoen Jacko, jacko my dead harekin.

Guztiak txaloka, builaka eta koruka, azkenerako euren lekuetatik jeikita.